Teresa Fernandez Enplegu eta Ekonomi Sustapen zinegotziak eta Josu Landaluze alkateak Made in Sopela argitalpena aurkeztu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, tokiko saltokiei eta negozioei bultzada emateko sortu dute tresna hori, joan den hilean abian ipinitako sopezabalik.eus establezimendu-gida osatzeko, besteak beste.  

Papereko eta interneteko edizio bana izango du Made in Sopelak, zehaztu dutenez. Ekimenean parte hartzen duten establezimenduetan banatuko dute lehenengoa, eta bigarrena, berriz, madeinsopela.com webgunean egongo da ikusbide (udal-webgunetik sartzeko aukera ere egongo da). Edukia bertoko merkataritzaren gaineko artikulu eta erreportajeek osatuko dute.

Bestalde, ekimenak bertsio «Pro» bat izango du, enpresen topagunea eskainiko diena. «Saltokiei eta negozioei zuzendutako gida digital bat da, Sopelako enpresen arteko harremana errazteko eta, beharbada, sare lokal bat sortzeko». Gida horretan parte hartzeko, nahikoa izango da enpresa bakoitzaren jarduera zein den adieraztea eta kontaktu pertsonal bat identifikatzea. Informazio gehiago lor daiteke info@madeinsopela.com helbidean eta 94 416 54 11 telefonoan.

 

ITURRIA: HIRUKA ALDIZKARIA